2015(e)ko abenduaren 22(a), asteartea

EAEko 2.134 ikaslek ikasgelatik kanpo jaso zuten hezkuntza arreta joan den ikasturtean

Ikasle horietako gehienek, 1.873k, ospitale eskoletan jaso zuten hezkuntza arreta, 207k euren etxebizitzan bertan, eta gainerako 54k Arreta Terapeutiko Hezigarrirako Lurralde Zentroetan.


Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2.134 ikaslek, osasun arrazoien ondorioz ohiko ikastetxera joan ezin zirenez, Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko Hezigarrirako Lurralde Zentroek eskaintzen duten zerbitzuaren bidez jaso zuten hezkuntza 2014-2015 ikasturtean.
Ikasle horietako gehienek, 1.873k, ospitale eskoletan jaso zuten hezkuntza arreta, 207k euren etxebizitzan bertan, eta gainerako 54k Arreta Terapeutiko Hezigarrirako Lurralde Zentroetan. Orotara, hezkuntza arloko 127 profesional arduratu ziren ikasleotaz joan den ikasturtean.
Besteak beste, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak jakinarazi ditu datuok ostegun honetan Gasteizen, "Ospitalerako ipuinak" bilduma aurkezteko egindako prentsa agerraldian.
Zazpi liburuk osaturiko bilduma Txagorritxuko ospitale-eskolako irakasle Ana GarcĂ­a de Motiloak idatzi ditu bere ekimenez, eta ospitaleratutako neska-mutikoei mediku tresneria nahiz jasotzen ari diren tratamendua hurbileko egitea, euren gaixotasuna ulertaraztea eta gertatzen ari zaien horri hitzak ipintzen asmatzea da helburua.
Horrela, Uriartek azaldu du gaixoaldi luzea duten ikasleentzako hezkuntza arreta egoera bakoitzera egokitzen den eskaintza malgu baten bidez ematen dela Euskadin, Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko Hezigarrirako Lurralde Zentroen bidez.
Zentro hauek, gaixotasunen baten ondorioz ohiko ikastetxera joan ezin diren ikasleei ematen die erantzuna, eta helburu argia dute: aipaturiko arrazoi horiegatik eskolara joan ezin diren ikasleek kalitatezko hezkuntza izatea, hezkuntza sisteman jarraitu ahal izan dezaten.
Aurkezpenean, zerbitzu hauek eskaintzerakoan hezkuntzaren eta osasunaren arloen artean gertatzen den "beharrezko koordinazioa" nabarmendu du Cristina Uriarte sailburuak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina